HISTORIA

1961-1979
1961an, Oñatibia New York-en bizi zen, baina bere gurasoen urrezko eztaiak zirela-eta oiartzuna etorri eta txistulari taldetxoa antolatu zuen haien omenaldirako. Berriz ere ameriketara itzuli eta 64. urtean oiartzuna
 Lartaun Txistulari Taldea-1961
betirako etorri zen. Garai hartan, Lartaun Kultur Jolas eta Kirol Elkartearen babesean, entse-guetarako, txistulariak emanaldien baitan elkartzen ziren. Juanitok  berak prestatzen zituen jo beharrekoak eta baita emanaldiak antolatu ere. Mugimendu handiko urteak izan ziren lehen hamarkadan, izan ere sorkuntza oparoa izan zuen Oñatibiak, nola ikuskizun, hala dantza berri… Harremanak ere Euskal Herri osoan zituenez, batetik bestera ibili ziren txistulariak Lartaun Abesbatzaren laguntzaz. Garai honetakoak dira Donibane Bezpera gabeko suaren dantza , Arrateko Amaren Dantza eta Yon Done Iturri dantza eta musika berriak, Euskal Show eta Mirandaola ikuskariak…Dantza talderik Oiartzunen ez zenez, Tolosako Udaberri, Pasaiako Alkartasuna eta Donostiako Kresala-rekin ibili izan ziren. Garai honetako txistulariak Juanito Oñatibia bera, Juanito Arozena, Joxe Mendizabal, Manolo Goikoetxea, Manolo Oñatibia, Martin Gaztelumendi, Dionisio Martiarena, Julian Lekuona, Joxe Arozena eta Felix Arozena ziren.
1972 aldera Oñatibia bera Haurtzaro Ikastolan txistua irakasten hasi zen, baita ikasketak erraztearren metodo berriak sortu ere. Baina lanpetuta zebilela eta, Juanito Arozenak ordezkatu zuen irakaskuntza lanetan. 1974-75 aldera ikasleak asko ugaritu ziren, eta haientzat txistu eta poxopolinak  erosteko dirulaguntzen eskaria ahalbidetuz, “Academia de Txistu Lartaun” izena jarri zitzaion berak sortutako eskolari. Eskola hauek musutruk ematen ziren.
70. hamarkada bukaera aldera hasierako partaide gehienek jada ez zuten jotzen, baina ikasle gazteei esker taldeak jarraitu zuen eta herriko txistu beharrak (gero eta gehiago), beraiek hasi ziren betetzen. Gainera udal tanbolintero lanak (ordurako Xanixtebanetan eta Korpus egunean bakarrik jotzen zen udalaren aginduz) betetzen zituzten Daniel Soliño, Joxe Mendizabal, Pako Gabarain eta Manolo Goikoetxeak ere jotzeari utzia zioten, Lartaunera tarteka etortzen baziren ere. Garai hartan jarri zuen Juanito Arozenak asteroko entseguaren diziplina. Gaur egun, oraindik ere, larunbatero 12tan biltzen da taldea entsegua egiteko. Orduko gazteak Iñaki Bergaretxe, Pello Mitxelena, Joxemari Ormazabal eta Patxi Mitxelena ziren.
Eta 1979ko San Pedro egunez iritsi zen berri latza: Juanito Oñatibiak istripua izan zuen  Urnietara pilotari gazte oiartzuarrak animatzera zihoala…handik egun gutxira hil zen.
1979-1987
Urte hauetan, esan bezala, txistulari beteranoak noizean behin etortzen ziren laguntzera. Baina gaztetxoak pixkanaka gehitzen hasi ziren, eta  giro berri bat sortu zen. Hau ikusirik, helburu bat jarri zuen Juanito Arozenak: txistularitzaren nortasuna berreskuratu, Oiartzungo tanbolinteroen betiko eginbeharrak  berreskuratuz. Horretarako aukeratutako bidea hau izan zen: emanaldi guztiak doan izatea; auzoetako jaietan diana eta kalejirak jotzeko taldea eskaintzea; elizara ere bai prozesio, jaunartze eta abarretarako; kontzertuak Santa Zezilia, Errege, Ihauteri, Pazko/Aberri egunetan eta nola ez, herriko jaietan: Xanixtebanetan. Horrez gain urtean bitan auzoz auzoko kalejira (Pazko egunean goizez eta Xanixteban bezperan arratsaldez) . Baita dianak ere goizeko 9etan, ibilbide berriekin (herria haunditzen ari zelako) igande eguerdiko kontzertua jotzen zen bakoitzean, Xanixtebanetako egunetan eta Eguberri bigarrenean (San Esteban delako). Honetaz guztiaz gain, txistu eskolak doan, baldintza batekin: ikasleak solfeoko lehen bi urteak eginak izatea, musika irakurtzen jakitea alegia.
Asmo haundia izanik ere pixkanaka, ibilbidea eginez, eta etsirik hartu gabe, hasi zen lana fruituak ematen. 1983an, aipatutako gazteez gain, Agustin Mendizabal, Urko Arozena, Karlos Rubio, Xabier Altuna, Xanet Arozena, Pili Sesen eta Aitor Arozenak osatzen dute taldea.
Urteotan ikasleak areagotuz doaz eta txistu eta musika ikasketak burutzera Errenteriako nahiz Donostiako kontserbatorioetara bidaltzen ditu Juanitok . Oiartzungo txistulariak estimatuak dira han hemenka izaten diren dantza saio, kontzertu, alarde eta abarretan. Banda tradizionalen txapelketetan ere parte hartzen hasten dira, paper txukuna eginez gainera. Puri-purian dabil taldea, baita bertako txistulari gazteak ere.
1987-2006
1987. rako kide berriak ditugu taldean: Igor San Jose, Izaskun Gorrotxategi, Kontxi Labandibar, Imanol Gartzia, Unai Azurmendi, Anaitz Arozena eta Jagoba Larburu. Laster gehituko zaizkie Arrate Romera eta Igone Otegi. Oiartzungo Musika Elkartea sortzen da eta honek txistulari gazteei beren ikasketak sakontzeko aukera ematen die, auzoetan kontzertuak eskainiz eta bestelako tresnekin uztartuz gainera, pianoaz nagusiki.
Urte horren amaieran, Juanitok nola taldearen gidaritza hala eskolak ematea utzi egiten du, bere ustez gazteak jada bera baino askoz ere prestatuagoak daudelako. Ardura hauek Aitorrek, Juanitoren semeak, hartuko ditu. 80. hamarkada hasieran jarritako helburuak betetzen doaz eta, 90. hamarkada hasieran, txistulari taldea gero eta indartsuago dago partaidez eta gogoz. Horrek emanaldiak areagotzera eramaten ditu bai eta errepertorioa zabaltzera ere. Txistulari gisa Euskal Herrian zehar antolatzen ziren hainbat txistularien alardeetan parte hartzen dute (Donibane, Donostia, Iruña, Tafalla, Hondarribia, Oñati…) eta urteotan sortzen dituzten hartuemanei esker, Xanixteban eguneko kontzertuaren izaera aldatzen dute: talde haundiaz (30 bat txistulari, dantzari eta abeslarien laguntzaz) eta emanaldiaren airea jaietara eta Kontsejupeko  girora egokituz. Aldaketa hau urteekin arrakastatsua gertatu da gaur egun oraindik, tarteka talde gonbidatuek jo badute ere, mantentzen delarik.
Urteak joan eta urteak etorri, taldekideen gorabeherak gertatzen dira, normala denez. Jon Garmendia, Marilis Telletxea eta Garbiñe Sagarzazu gehitzen dira taldera (Pasaia, Irun eta Hondarribiatik etorriak). Dozena bat txistularik heltzen diote taldeari, jasotako filosofiari ahal den neurrian eutsiaz: Gureari eutsi eta herrian txistuaren beharra duen inor ez dadila gelditu txistularirik gabe. Baina urte hauetan txistu ikasleak berriak desagertzen doaz, eta horren faltan, Aitorrek eskolak emateari uzten dio. Hala ere, 1997an Haurtzaro ikastolan, estraeskolar gisan, berriz ere txistua irakasten hasten da Xabier Altunaren eskutik eta aurrerago Arantxa Lassalderekin. Ikasleek aurrera egiten duten heinean taldera gehitzen dira eta Aitorrek hartzen ditu ikasketak sakontzeko. Horrela iraun du Oiartzungo azken urteetako txistu irakaskuntzak. Garai honetan gehitzen dira taldera Olatz Lekuona, Irune Zalakain eta Iñaki Cenzano.
2000. urtean TXISTULARI aldizkariak Oiartzungo txistularitzari ale monografikoa eskaintzen dio eta horretarako Juanito Arozenak, Gipuzkoako hainbat artxiboetatik berreskuratutako datuak prestatzen dira,
besteak beste. Bertan 1533 . urtetik gaur egun arte Oiartzungo txistularitzaz dakiguna jasotzen da. Baita Oiartzunekin zerikusia duten hainbat musika argitaratu ere. Urte horretan bertan Euskal Herriko Txistulari Elkarteak Juanito Arozenari zilarrezko domina eskaini zion herriko txistularitza eta Elkartearen alde egindako lanarengatik. Xanixtebanetako kontzertuan jarri zitzaion domina eta hunkigarria izan zen, benetan. Euskal Herriko txistulari lagunak etorri ziren gurekin batera jotzera eta gure maisu, kide eta zuzendaria omentzera. Udala ere gehitu zen omenaldira eta herriaren esker ona ere jaso zuen txalo zaparradarekin. Bide batez, esan dezagun Juanito eskerrak ematen saiatu zela, baina, hitzik gabe geratu zen…
2002an gure zuzendari Aitor Arozenak Villabonan ospatu zen Euskal Herriko Txistulari Bakarlarien Lehiaketa irabazi zuen, gaur egun oraindik inork kendu ez dion ohorea.
Urteen poderioz, berriz ere, kide berriak etorri bai, baina zaharrek utzi ere egiten dute. Larunbatero elkartzen direnak apenas diren dozena erdia eta  taldea, berriz ere, bere jarduna berregokitu beharrean dago.
Hauek izango dira taldearen ondorengo urteoroko lanak: kontzertuak Santa Zezilian eta Xanixtebanetan; dianak eta kalejirak eguberrietan, aste santuan eta auzoetako festetan bai eta Xanixtebanetan ohikoak. Horrez guztiaz gain, aldian aldikoa: dantzariekin, zaharren egoitzako emanaldiak, eta bestelakoak. Taldekideen disponibilitatea, gero eta urriagoa eta orain arte ez bezala, ezinbesteko faktorea izatera pasako da .
Udaletik gure ekimen hau nolabait finkatzeko proposamenik jaso izan dugu garai ezberdinetan . Eta azkenik, 2006an udalarekin harremanetan jarri ginen eta horren ondorio da elkarrekin sinatutako Hitzarmena. Era honetan Lartaun Txistulari Talde bezala gure jarduna jarraitzearen konpromezua hartu genuen, txistuaren presentzia Oiartzunen bermatuz eta udalak hau aurrera eramateko beharrezkoak diren bitartekoak gure eskura jarriz.
2007-2011
Azken urteotan Madalensoro pilotalekuan udalak prestatutako goiko solairuko gelan dugu egoitza eta bertan biltzen gara gure larunbateroko entsegua egitera, 12tan. Udalarekin sinatutako hitzarmena betetzen goaz, urtean zeharreko ekitaldiak eginez eta txistulariak beharra duen orori ahalik eta hoberen erantzunez. Taldera gehitu dira gainera Xabier Belauntzaran, Andoni Arregi eta Asier Olague

2008.tik Herri Musika Eskola-k, bere gain hartu du txistuaren irakaskuntza eta Hernaniko Iñaki Eguren da gaur egun irakasle. Eskolak gure egoitzan izaten dira eta ikasleen gorakadatxo bat ere izan du txistuak. Xanixtebanetako umeen egunean diana gurekin batera jotzera animatzen dira. Ea ikasketekin aurrera jarraitu eta taldera ere biltzen diren.
Aurten, taldearen urrezko eztaiak eta Juanito Oñatibiaren jaiotzaren mendeurrena izanik, Xanixtebanetako kontzertua berezia izan da, luxuzkoa, guretzat batez ere. Gure inguruko txistulariz gain, Lartaun eta Andra Mari abesbatzak eta Ereintza, Elizalde eta Haurtzaro dantza taldeak parte hartu dute, Juanitok sortutako doinu eta ikuskizunen musikak eta dantzak gogora ekarri ditugularik. Maiatzean ospatuttako MUSIKASTEko azken kontzertua ere Juanito Oñatibiari eskaini zitzaion eta bertan ere parte hartu genuen. Gehiago ezin eskatu.
Bukatzeko, gure bi “Juanituk”, Oñatibia eta Arozena alegia, egindako lanaren balioa goraipatu nahi dugu. Lartaun txistulari taldearen ibilbide hau, bi gizon hauek txistularitza ulertzeko eta bizitzeko erari esker izan delako: era apalean baina etenik gabe, eguneroko martxan. Gainerako txistulariok beraien irakasketen jarraitzaile izan gara, ahal izan dugun moduan. Ez dakigu beste 50 urte betetzera iritsiko garen, baina bitartean gureari eusten saiatuko gara, hobebeharrez.

Hona hemen 2016ko kontzertuaren lagin bat: